1. Laburdurak letra arruntez idazten dira. Oso laburdura gutxi erabili behar da idazki arruntetan, helbideetan izan ezik:

jn. (jauna), and. (andrea), k. (kalea, karrika), esk. (eskuina), ezk. (ezkerra), zk.g. (zenbakirik gabea), pl. (plaza), etorb. (etorbidea), pas. (pasealekua), zum. (zumardia), zehb. (zeharbidea), etx. (etxea), bas. (baserria), ind. (industrialdea), pol. (poligonoa)...

Hona gutunazal eta abarretarako hainbat helbideren idazkera-adibideak:

Estafeta, 8 / Estafeta k., 8 / Estafeta kalea, 8 / Estafeta, 8, 2. ezk.

Etxebeste, 7, 3-B / Etxebeste pl., 7, 3-B / Etxebeste plaza, 7, 3-B

Allerru ind. / Allerru industrialdea

Padura zehb., zk.g. / Padura zeharbidea, zk.g. / Padura zeharbidea, zenbakirik gabea

Baina ez da laburdurarik erabili behar helbideak esaldi barruan txertatzean:

Estafeta kaleko 8tik

Etxebeste plazako 7ra

Sua dago Askatasunaren etorbidean, 12an. / Sua dago Askatasunaren etorbideko 12an.

Horrelakoetan, jakina, deklinaturik eman behar dira “kale, plaza” eta abar.

2. Esanahi jakina eta oso ezaguna duten laburdurak bakarrik erabiliko dira (bai euskarazkoak eta bai erdal jatorrikoak):


adib. (adibidez), or. (orrialdea), fra. (faktura), koop. (kooperatiba), tel. (telefonoa), etab. (eta abar), etc. (etcetera), id. (idem), zk. (zenbakia), k.k. (kontu korrontea)...

Oharra:

Beti “or.” erabiltzea hobesten da “orrialdea” nahiz “orrialdeak” laburturik ematerakoan.

Ikus 14. or. / Ikus 14.-19. or. / Ikus 14., 16. eta 19. or.

3. Testu berezietan, alorrean alorreko laburdurak ere idatz daitezke; baina sarreran agertu beharko da erabilitako laburdura ezohiko edo antzemangaitzen zerrenda eta horietako bakoitzaren esanahia.

Hiztegietan sarri ageri dira iz. (izena), ad. (aditza), Gram. (gramatika) eta beste.

Oharra:

Testu berezietan izan ezik, hitz laburrak ez dira laburtu behar. Ez da egokia, esate baterako, ikus hitza laburturik idaztea (ik.) testu arruntetan; baina hiztegietan, adibidez, ulermenaren lagungarri izaten da laburdura hori. Beste horrenbeste gertatzen da euro hitzarekin ere: ez da laburtu behar, bere ikurraz (€) ordezkatzeko izan ezik.

4. Laburdurak puntu eta guzti idatzi behar dira (siglak, akronimoak eta neurri-izenak ez bezala).


Salbuespen ezaguna da “vs” laburdura: alegia, versus (aurka, kontra...) hitzaren laburdura.

5. Laburdura gehienak letra xehez idazten dira, baina ez den-denak:

Letra larriz: P.D. (post data), P.S. (post scriptum), N.B. (nota bene), R.I.P. (requiescat in pace), G.B. (goian bego)...
Letra larriz eta xehez: K.a. (Kristo aurreko), K.o. (Kristo ondorengo)...

6. Asteko egunen eta urteko hilen izenen laburdurak ere letra xehez eta puntu eta guzti idatzi behar dira:


Egunak: al. (astelehena), ar. (asteartea), az. (asteazkena), og. (osteguna), ol. (ostirala), lr. (larunbata) eta ig. (igandea).
Hilak: urt. (urtarrila), ots. (otsaila), mar. (martxoa), api. (apirila), mai. (maiatza), eka. (ekaina), uzt. (uztaila), abu. (abuztua), ira. (iraila), urr. (urria), aza. (azaroa) eta abe. (abendua).

7. Laburdurari ez zaio atzizkirik erantsi behar; beraz, laburduraren bukaerako puntuaren ondoren hutsune zuria besterik ez da onartzen (ez marratxorik eta ez besterik, testu berezietan izan ezik).

Oker idatziak dira, hortaz, “*alkate jn.-k, *27. or.-ko, *fra.-rena, *etab.-etan” eta gisakoak. Horrelakoetan, oso-osorik idatzi behar dira hitzak: alkate jaunak, 27. orrialdeko, fakturarena, eta abarretan...

8. Ahal dela, ez da laburduraz hasi behar esaldia; ezta laburdura bera letra larriz hasten bada ere.

Kristo aurreko VI. mendean gauza bitxi asko gertatu zen.
Gauza bitxi asko gertatu zen K.a. VI. mendean.

Molde horiek hobesten ditugu, eta ez honako hau:

K.a. VI. mendean gauza bitxi asko gertatu zen.

9. Laburdura ahoskatzean, laburtutako hitza irakurri behar da: hitz osoa, eta ez laburdura bera.

Irakurri, lehenengo(a) edo lehen(a) irakurri behar da “1”. laburduraz adierazitako ordinala. Beraz, batgarren(a) irakurtzea, jakina denez, hogeita batgarren( a), ehun eta batgarren(a) eta horrelakoetan bakarrik da zuzena.

Bide beretik, “eta abar” irakurri behar da beti “etab.” laburdura