Hiru
atal nagusi ditu argudio testu batek:
1. SARRERA:
1.1.Gaia testuinguru historiko
batean koka daiteke:
Duela zenbait urte, Caselli izeneko asmatzaile italiarrak, berak ezertxo ere jakin gabe, gaur egun gure bizitzaren muinera sartu den munstro ikaragarria sortu zuen. Guk tramankulu hau Telebista izenez ezagutzen dugu egun.
1.2 Gaira hurbiltzeko norberari
gertatutakoa erabil daiteke:
- Nori ez zaio gertatu,
noizbait, lagunari galdera bat egin eta erantzunik ez jasotzea? Niri, zoritxarrez,
behin baino gehiagotan.
1.3 Galdera erretorikoen bidez
irakurlea gaian sartu:
- Jakina denez, azken
bolada honetan ahozko literaturak garrantzia galdu du. Jadanik ez da
aitona-amonarik ipuinak kontatzen ikusten. Zergatik galdu da horren
aberasgarria den ohitura hori?
1.4 Egungo egoera azpimarratuz:
- Gaur egun telebista denborapasa garrantzitsuenetako bat bihurtu da. Gero eta ume gutxiago oheratzen da aitak edo amak ipuin bat irakurri ondoren, edo liburu batekin minutu batzuk igaro ondoren. Orain, afalosteko filma ikusi eta gero oheratzen gara.
Sarrera horiek ikusi ondoren, ikus ditzagun atal hau idazterakoan erabil daitezkeen esaldi topiko zenbait. Oso lagungarri gertatuko zaizkizue.
|
Sarreratik garapenera:
|
2. GARAPENA:
Argudio testuaren
muina da atal hau. Bertan biltzen dira artikulugilearen hipotesiak,
jarrerak...; bere ideiak defendatzeko erabiltzen dituen arrazoi guztiak,
alegia. Baina, kontuz!, hierarkia (mailaketa) baten arabera antolatu behar dira
argudioak. Paragrafo bakoitza argudio baten inguruan antolatuta dago, eta ideia
eta argudio bakoitzak paragrafo bat hartzen du (ideia bat = paragrafo bat).
2.1 Argudiaketa motak:
2.1.1 Autoritate argudioa:
Pertsona, elkarte edota erakunde baten iritzia erabiliz, artikuluko tesia sendotzeko erabili ohi dugu argudiatze modu hau.
Adibidez: Munduko zientzialari jakintsuenek diotenez,...
2.1.2 Irakurlea eta idazlea talde bereko:
-
Artikulugileak bere pentsaera beste askorena dela agertzen du. Pluraleko lehen pertsona, gu, azpimarratzen da argudiatze mota honetan.
Adibidez: Motorzaleok
badakigu kaskoa beharrezkoa dugula.
2.1.3 Adibide bidezkoa:
-
Iritziak argiago, ulergarriago, eta, aldi berean, pisu handiagoko egiten dituen argudiatzea dugu hau.
Adibidez: Esate baterako, zein gurasok mugatzen du telebista aurreko egonaldia?
2.1.4 Tesien kontrajarpena:
-
Norbere eta besteen tesiak eztabaidatuz, arrazoizko tesi bat proposatu bukaeran.
Adibidez: Telebista
bidez ez omen da ezer ikasten, baina egia da dokumental ederrak ere ematen
dituztela.
2.2 Testuaren batasuna
Testuak barne lotura izateko, elementu hauek erabiliko ditugu: antolatzaileak (lokailu-juntagailuak) eta erreferentzi baliabideak.
2.2.1 Antolatzaileak:
Testua eta arrazonamenduaren haria bideratzen dute. Kontsultatu ondorengo antolatzaile bildumak:
2.2.2 Erreferentzi baliabideak:
Testuan agertutako elementu bat beste era batera aipatzeko moduak dira. Guk ordezkapena eta pronominalizazioa hautatu ditugu:
Ordezkapena:
Zerbait modu ezberdinez aipatzea da. Ordezkapenaren bidez, elementu bat behin eta berriro ez errepikatzea lortzen dugu.
Adibidez:
Ordezkapenik
gabe
|
Ordezkapenekin
|
|
Oso une larriak
igarotzen ari da Maradona. Azken hiru egunak Montevideoko ospitale
batean igaro ditu Maradonak. Medikuak dioenez, bihotz gaixotasunak
jota dago Maradona, urteetan kokaina hartzeagatik. |
Oso une larriak
igarotzen ari da Maradona. Azken hiru egunak Montevideoko ospitale
batean igaro ditu izar argentinarrak. Medikuak dioenez, bihotz
gaixotasunak jota dago futbolari ospetsua, urteetan kokaina
hartzeagatik. |
Ikusten
duzuen bezala, ordezkapenak irakurketa arinago eta atseginago bihurtzen du.
Pronominalizazioa:
Izenordain eta aditzondoenak bereiziko ditugu.
- Izenordaina: izenordaina berriro ez errepikatzeko, hau,
hura, bera, hauek... erabiltzen ditugu erreferentzia egiteko.
Adibidez: Kepa eta Durangoko lagunak bi
trenetan etorri dira: hura hiruretan eta haiek, berriz,
bostetakoan.
- Aditzondoa: gehienbat aurretik aipatutako lekuren bati egiten
dio erreferentzia (han, bertan...)
Adibidez: Txikitan sarriago joaten ginen
herriko plazara. Han elkartzen ginen koadrilako guztiak eta bertan
igaro genituen unerik zoriontsuenak.
3. KONKLUSIO EDO ONDORIOAK
Argudio testuaren azkeneko paragrafoa hartzen du. Atal honek bi helburu ditu funtsean: batetik, testuan zehar garatutako ideia nagusia(k) laburbildu, eta, bestetik, ondorio batzuk atera.
- Erabiltzen diren lokailu-juntagailuak hauek dira: beraz, hortaz,
aurreko guztia laburbilduz, honako ondorioak atera daitezke, amaitzeko...
Adibidez:
Aurreko guztia laburbilduz, zera esan daiteke: tresna erakargarria eta probetxugarria da
telebista egoki erabiltzen jakinez gero. Ondorioz, zure esku dago programak eta orduak ondo
aukeratzea. Gogoratu, beraz: telemandoak telebista itzaltzeko ere balio
du.